Uztailak 26-Berdintasunaren aldeko partidua
Ermuko Kardinal Orbe Plazan 17:00etan.
1.partidua. Pradera-Altube & Orbegozo-Delgado
2.partidua. Amantegi-Ajuria & Beitia-Lopez
Kirolean begi-bistakoa da oraindik ere “eredua” maskulinoa dena, nahiz eta kirol-modalitate ezberdinetan parte hartzen duten emakumeak gero eta gehiago diren, arrakasta ukaezin eta erabatekoak eskuratuz. Esku-pilotaren kasuan, adibidez, argi ikusten da gizonezkoen lehentasun hori.
Hala ere, Ermuan, baditugu errealitatea aldatzen ari dela erakusten duten zenbait adibide: egun, esate baterako emakume gazte bat da udalerriko Pilota Taldearen presidente. Berak, Berdintasunaren Udal Kontseiluko kide izanik gainera, ondotxo daki zer nolakoa desberdintasunak dauden kirolaren eremuan orokorrean gizon eta emakumeen artean, eta horren jakitun, hainbat erronka planteatu dizkio bere buruari, horien artean berdintasuna. Praktikan, burutu ditu jada zenbait jarduera interesgarri, esate baterako udalerri honetako gizon-emakumeek egiten duten kirola ikusteko 2006an egin zen azterketa baten aurkezpen-ekitaldian Pradera pelotariaren kontra jokatu zuen esku-pilota partida.
Bestalde, gizon batzuk, gai honen inguruan sentsibilizatuta, berdintasunaren aldeko ibilbide kolektibo bati ekin diote, Ermuan Zipriztintzen taldea sortuz. Izan ere talde horretako kide bat, pilotazalea bera, eta Pilota Taldearen presidentea izan dira honako jardueraren suspertzaileak: 22 tantoko esku-pilota partida bi bikote mistoren artean, Orbegozo-Delgado eta Pradera-Altube Santixau jaietan bertan, uztailaren 26an zehatz-mehatz, arratsaldeko 5etan, Ermuko Orbe Kardinala plazan.
Zorte on eta irabaz dezala ondoen jokatzen duen bikoteak.
Helburua kirol honetan emakumeen presentzia agerian uztea da eta horretarako ez da beharrezkoa jokoaren kalitateari eta zaletuei, seguruenik asko, eskainiko zaien ikuskizunari uko egitea. Helburu hori lortu ezkero, guztiok izango ginateke irabazle, gizon eta emakumeok.
Emakumeentzat ere espazio publikoa eta kirol instalazioak berreskuratzea, emakume gazteenei batez ere, profesional eta aisia alorretan, kirola praktikatzeko ereduak eskaintzea eta abar… garrantzia handiko helburuak dira emakumeak bizitza publikoan orokorrean, eta kirolaren eremuan partikularrean, erabat sartzea desio hutsa barik, errealitate bihur dadin, Ermuko Udaleko Berdintasunaren aldeko Kontseilutik aspaldi aldarrikatzen ari garen helburua hori.
Ea beste batzuek ere bide berari jarraitzen dioten.
Begoña Fernandez

Meneame
del.icio.us